HAUR HEZKUNTZA
0 - 3 urte
Zer behar du umeak hain txikia denean?
Segurtasuna emango dion ingurua, konfiantzan eta familian sentiaraziko diona. Horretarako, kalitatezko zaintza eskaintzen diogu eguneroko erritmoan, jolasean, higienean, jaterakoan, fardela aldatzean… eta baita alaitasuna ere. edozein ekintza egitean: ogia, eskulanak… Horrela eta egunez egun maitasunez lan eginez, atxikimendu segurua sortzen dugu berarengan, eta konfiantzan eta segurtasunean bizitzen eta bere autonomia garatzen laguntzen diogu. Prozesuan ez dira arauak eta mugak falta, horiek ere haurrak behar duen segurtasun horretan laguntzen dutelako.
Geroa Waldorf Eskolako Txikitxoen Gelan oso garbi daukagu gurasoengandik aparte eskaintzen den zaintza-denbora honek izugarrizko garrantzia duela adin hauetan. Horregatik, banan banako arreta ematen diegu, beren segurtasun emozionala sendotzeko, eta horrela, beren garapen psikomotorea, emozionala eta hizkuntzarena (ibiltzen, hitz egiten eta pentsatzen ikastearen bidez gauzatzen dena) errazteko, horiek baitira adin honetako garapenaren hiru ardatzak.
Gure ustez, heziketak haurraren osasuna eta garapen orekatua bultzatu behar ditu. Horregatik, garrantzi handia ematen diogu haurra etxean bezala hartu eta zaintzeari, eta bere garapen egokiak behar duen guztia emateari.
3 - 6 urte
Zenbat gauza deskubritzeko! Zenbat gauza harrigarri! Hasi da bidaia!
Etxearen eta eskolaren arteko zubia da haur-hezkuntzako gela, babesa eta berotasuna eskainiz eta sormena pizteko aukera emanez konfiantzan hazten laguntzeko espazioa. Beste lagun batzuekin harremanak egiten eta ingurua esploratzen hasteko adina izaten da, mimo handiz zaintzea merezi duena. Pedagogikoki hauek dira, besteak beste, gure oinarriak: haur bakoitza pertsona bakartzat hartzea eta errespetatzea, naturarekin bat eginez zentzumenak piztea, jolasaren eta imitazioaren bidez ikastea, eta irudimena eta sormena lantzea, guztiak ere berez dakarten ahalmena garatzen laguntzeko.
Geroa Waldorf Eskolako Haur Hezkuntzan haurren jakinmina eta harridura pizten ahalegintzen gara, inguruan duten mundua poliki-poliki eta goxotasunez deskubrituz joateko.
Egunerokotasuna antzerakoa izaten da beti: jolasak, borobilean egiteko ekintzak, ipuin-kontaketa, mahaiko antzerkitxoa eta eguneroko zereginak (hamarretakoa prestatzen laguntzea, esate baterako). Jolas libreari denbora asko ematen zaio, bai gela barruan eta bai kanpoan (euria, elurra nahiz eguzkia egin, beti ateratzen dira kanpoan jolastera), eta horrek aukera ematen die gorputza sendotzeko, harreman osasuntsuak eta iraunkorrak eraikitzeko, eta inguruko munduarekiko interesa pizteko.
Kantuek eta haur-errimek airea goxatzen dute eta hizkuntzarekiko lotura sendotu. Ipuinak entzunez eta antzerki-jolasetan parte hartuz, memoria eta irudimena lantzen dituzte, bai eta inguruko kultura deskubritu eta bultzatu, eta zentzu morala, ardura gizabidezkoa eta bizikidetza egokia garatu ere. Zenbatzeko jolasek eta jarduera erritmikoek aritmetikaren eta zenbakien zentzua pizten dute. Jarduera artistikoek eta eskulanek motrizitate fina, koordinazioa eta zentratzeko gaitasuna garatzen dituzte.
Geroa Waldorf Eskolako haur-hezkuntzan haurrek konfiantza, independentzia eta segurtasuna eskuratzen dituzte, etxetik inguru hurbileko mundurako jauzia arazorik gabe egiteko, eskarmentu handiko maisu-maistren laguntzari esker.