Lehen hezkuntza

A estas edades cada niño es un artista. La tarea del maestro es informar del conocimiento intelectual a través de la experiencia estética. Las matemáticas, las ciencias y los estudios sociales, la carpintería y el tejido, y las lenguas del mundo (en nuestro caso el inglés) se enseñan integrando el intelecto, la imaginación y el arte. Los profesores abordan el aprendizaje de cada niño con imágenes e historias, con color, ritmo y música. Lo que se aprende se convierte en una parte viva del niño.

Lehenengo maila

Urte hau oso berezia izaten da; izan ere, haurrek txikien gela utzi eta irakaskuntza formalera egiten dute jauzi. Estreinakoz, formen, soinuen eta letra- eta zenbaki-segiden lehen esperientzian murgiltzen dira irakaslearen eskutik, irudi, errima eta istorioez lagundurik. 

Poliki-poliki horiek guztiak ezagutu eta buruz ikastera heltzen dira, mugimendu, bertso, marrazki eta pinturak lagun dituztela behin eta berriz errepikatzearen poderioz. Gainera, lehen maila honetan barneratuko dituzte bizitzarako eta lanerako hain garrantzitsuak diren oinarrizko ohitura egokiak, hau da, Lehen Hezkuntzan edota eskolan elkarrekin emango duten denbora osoaren oinarriak direnak. Jarrerari eta baloreei dagokienez ere badaude zenbait helburu garrantzitsu lortzeko, baina ez lehenengo mailan bakarrik baita hurrengoetan ere: naturarekiko begirunea, inguruaren zaintza, lagun hurkoekiko errespetua, munduarekiko interesa eta maisu-maistrenganako konfiantza. Irakaslearen zeregina ederra da benetan: neska-mutiko guztiekin sozialki elkartuta dagoen taldea sortzea, kideek elkar entzun eta elkar zaintzen duten taldea.  

Matematiken alorrean, lehenengo 12 zenbakiak ikasten dituzte beren ezaugarrietatik abiatuta, oinarrizko lau eragiketak (batuketa, kenketa, biderkaketa eta zatiketa) praktikatzen dituzte, zenbaki-segiden bitartez lehenengo urratsak egiten dituzte biderkaketa-tauletan eta buruko kalkuluan murgiltzen dira, guztiak ere lehen aldiz. Bai buruarekin eta bai eskuekin asko praktikatu ondoren erakusten dira lau eragiketa aritmetikoetarako eta berdin ikurrerako sinbolo idatziak.

Matematikekin batera, hizkuntza, natur zientziak, maitagarri-ipuinak, eskulanak, musika, pintura, marrazketa eta modelatua lantzen dira. Historiaren ezagutzan ere sartzen dira, ipuin herrikoien bitartez, eta bukatzeko, atzerriko lehen hizkuntza ere ikasten hasten dira: ingelesa.

Mugimendua

Jolasaldi luzea izateaz gain, eskola-orduan momentu askotan sartzen dira mugimendua eta koordinazioa, ikasketarako tresna modura. Baina momentu hauek ikasteko ezezik jolas soziala eta talde dinamika bultzatzeko ere balio dute, eta baita ingurua esploratzeko ere. 

Artea

Argizaria modelatzen dute.

Atzerriko hizkuntza

Ingelesa

Pintura eta marrazketa

Akuarelekin egiten dute lan orri bustietan, alderdi artistikoa baino gehiago, esplorazioa, koloreen elkarreragina eta esperientzia estetikoa lantzeko.

Eskulanak

Artilearekin ehundu eta puntua egiten dute (biak ala biak ezin hobeak koordinazioa, trebetasuna, erritmoa eta norbanakoaren eta taldearen arteko harremana lantzeko).

Musika

Kantua eta txirula pentatonikoa.

Bigarren maila

Neska-mutikoak, zazpi urte bete arte, bat sentitzen dira munduarekin edo inguruarekin; beraz, bigarren mailan oraindik badute imajinaziozko mundu edo kontzientzia mota horren arrastoren bat edo beste. Baina orain, konturatzen hasten dira mundua zabalagoa dela eta beste balore eta perspektiba batzuk ere badirela. Horregatik, adin honetan, kontraste edo polarizazio handiko egoerak sortzen dira neska-mutikoen arteko harremanetan, eta dualtasun horretan laguntzeko, pertsona beneragarriei buruzko kontakizunak eta animaliei buruzko fabulak proposatzen ditu ikasketa-planak. Ahozko kontaketen bidez, zehazki, kontaketetan agertzen diren pertsona beneragarrien ekintza eta ondorioen bidez, ongiaren eta gaizkiaren ideiak eta antzeko baloreak barneratzen hasten dira, eta gero eta arduratsuagoak izaten ikasten dute.  

Ikasketa-planari dagokionez, akademikoki hiru alderditan oinarrituta dagoela esan behar da: 

Alde batetik, irakurketa eta idazketan sakontzen du, goian aipaturiko kontaketez baliatuz.

Bestetik, trebetasun aritmetikoak sendotzen ditu, batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa praktikatuz, bai eta zenbakien posizioaren araberako balioa eta buruketak landuz ere. Biderketa-taulak, adibidez, mugimendu erritmikoen bidez ikasten dituzte, memorizatzeko trebetasunak handitzeko. 

Hirugarrenik, naturari loturiko istorioak jorratzen ditu, hurrengo urteetan zientzietan eta geografian ikasiko dutenaren oinarri modura.

Mugimendua

Neska-mutikoek jolastordu luzea izaten jarraitzen dute eta irteera ugari egiten dituzte naturara, bai mundua esploratzeko eta harreman sozialak eraikitzeko, eta bai jolas sozialaren eta ingurune fisikoaren esplorazioaren bidez gorputza eta burua aktibatzeko.

Artea

Erleen argizariaren modelaketa.

Pintura eta marrazketa

Pinturaren arloan, orri bustian eginiko akuarelaren munduan sartzen dira, zentzu artistikoa baino gehiago koloreen esplorazioan eta interakzioan murgiltzeko, eta hortik esperientzia estetikoa bizitzeko.

Eskulana

Puntua egiten jarraituko dute eta kakorratza erabiltzen ikasiko dute.

Musika

Kantua, lira eta txirula pentatonikoa.

Hirugarren maila

Hirugarren mailan, sarritan, aldaketa handia gertatzen da haurrek beren burua eta ingurua hautemateko moduan. Izan ere, bederatzi urteen inguruan, sentimendu berri bat pizten da haiengan: “Nor naiz ni gainerakoen artean eta munduan?”. Beren burua hautemateko modu berri hau autokontzientziaren hastapena da, eta Waldorf irakasleek badakite haurrei nola lagundu, trantsizio-garai hau ahalik eta egokien igaro dezaten. 

Haurren pentsamendua eta egitea independenteagoak egin ahala, haurrak beren sentimenduak barneratzen hasten dira eta batzuetan garai zaila izan daiteke. Askotan kritikoagoak bihurtzen dira, denetarik probatu nahi izaten dute eta gai guztiei buruz galdetzen dute. Konturatzen hasten dira egunen batean euren “habia” utzi eta beren bidea egin beharko dutela munduan barrena. 

Horrela bada, ikasketa-planak, trantsizio-prozesu hau kontuan harturik, euskarri egokiena eman nahi dio haurrari. Nola? “Inguruan duen mundua bere egiten” lagunduko dioten esperientzia esanguratsuak eskainiz. Hauek dira hirugarren mailako gaietako batzuk: nekazaritza, gizakiaren etxebizitza, eraikuntzak, neurriak, antzinako lanbideak… Horien bidez, eskolan behar den elementuren bat eraikitzen dute (jarlekuak, hormak…), zerealak ereiten dituzte, baratzea sortu eta zaintzen dute, ogia egiten dute eta beste ekintza praktiko ugari. Beraz, ardura gehiago hartzen eta beren ahaleginen emaitzak ikusten hasten dira.

Bestalde, gela barruan, Itun Zaharreko istorioak entzuten dituzte. Zergatik? Hor agertzen diren gaiek Hirugarren Mailako haurren eboluzio-momentua, alegia, norbere buruaren kontzientzia jaiotzen hasten den momentua jasotzen dutelako. Hizkuntzaren arloan, independentzia handiagoz irakurri eta idazten dute, eta letra etzanaz idazten hasten dira. Matematiketan, berriz, biderkaketa-taulak menperatzera heltzen dira, mugimenduaren eta memorizazio-lanaren bitartez; hainbat digiturekin biderkatzen hasten dira; zatiketa luzeak egiten dituzte; oinarrizko lau eragiketekin praktikatzen jarraitzen dute; neurtzen ikasten dute (distantzia, edukiera, pisua eta denbora), ikasturte honetako gainerako lanetan laguntzeko, eta abar.

Mugimendua

Jolastordu luzea izaten dute eta irteera ugari egiten dituzte naturara, gorputza martxan jarri eta burua aktibatzeko, bai jolas sozialaren bidez eta bai ingurunearen esplorazioaren bidez.

Artea

Pintura, marrazketa eta erleen argizariaren modelaketa. Lanbideak jorratzerakoan, buztinaren modelaketa.

Pintura eta marrazketa

Orri bustian eginiko akuarela-lana, lan-artistikoa baino gehiago koloreen esplorazioa eta interakzioa eta koloreen bidezko esperientzia estetikoa garatzeko.

Atzerriko hizkuntza

Ingelesa

Eskulana

Kakorratz-lana.

Musika

Kantua eta txirula diatonikoa.

Laugarren maila

augarren mailan, gizakiaren motibazioen eta emozioen konplexutasunaz hasten dira ohartzen, eta hori dela eta, ikasketa-planak Europaren Iparraldeko mitologia proposatzen du neska-mutikoentzat bidelagun. Iparraldeko jainkoen istorioek gizakion ezaugarriak islatzen dituzte: indarra, adorea, sakrifizioa, pertseberantzia… eta baita ere ezkutuko arrazoiak, huts egiteak…

Hizkuntza eta literaturaren arloan, hauek aipatu behar dira: bakarkako idazketarako jauzia egiten da, hau da, arbelekoa kopiatzeari uzten zaio diktaketaren bidez idazten hasteko; ortografian sakontzen hasten dira: puntuazioa, letra larrien erabilera, hiztegia…; perpausaren atalak eta aditz denborak ezagutzen dituzte; banakako eta taldekako irakurketa ariketak egiten dituzte, eta irakurritako liburuei buruzko txostenak egin. 

Matematiketan zatikien munduan murgiltzen dira, era guztietako materialekin ariketa praktikoak eginez, osotasuna eta zatiak lantzeko. Horrekin batera, aurreko urteetan ikasitakoak praktikatzen jarraitzen dute, alegia, neurketa eta oinarrizko eragiketak. Oinarrizko eragiketetan, hainbat digituko zatiketa eta biderketa luzeak egiten dituzte.

Bertako geografia ezagutzen hasten dira, bizi diren ingurua ezagutzeko. Horretarako, etxeko eta eskola-inguruko mapak marrazten dituzte eta haize-arrosaren lau norabideak ikasten dituzte, mugimenduaren eta behaketaren bidez. Gainera, historiaren arloan, Euskal Herriko mitologia eta historiaren berri jasotzen dute.

Zientzietan, animalien ezaugarriak behatzen hasten dira, gizakion gaitasunekin alderatuz. Ikerketarako oinarrizko trebetasun batzuk landuz, aukeratutako animalia bati buruzko lehen lana egiten dute bakarka. 

Eta, horiekin batera, musika, artea eta eskulanak jorratzen jarraituko dute. 

Artea

Pintura, marrazketa, ilustrazioak, korapilo zelta, buztinaren modelaketa.

Atzerriko hizkuntza

Ingelesa

Eskulana

Joskintza, gurutze-puntua.

Musika

Kantua, korua, txirula eta neska-mutikoek jotzen dituzte beste musika-tresna batzuk.

Bosgarren maila

Bosgarren mailan “urrezko urtean” sartzen direla esaten da. Ikasleak gogotsu egoten dira ikasteko, erronka berriei heltzeko, eta sormenez eta konstantziaz lan egiteko. Sozialki ere, harremanak armoniatsuak izaten dira. Halakoa da guztiz bestelakoa den pubertaroaren hasieraren aurreko urtea.

Hizkuntza, literatura eta historian, Waldorf curriculumak India, Pertsia, Mesopotamia, Egipto eta Greziako antzinako zibilizazioetan murgiltzea proposatzen du. Ikasleek kultura horien mitologiak entzuten dituzte eta munduaz, bizitzaz, heriotzaz eta erlijioaz agertzen dituzten ikuskera ezberdinei buruz eztabaidatzen dute. Gizakien lehenengo idazkerak, geometria eta arkitektura lantzen dituzte, eta kultura horien eta egungo kulturaren sustraien arteko loturak aurkitzen dituzte. Gainera, antzinako greziarren mundua ezagutzearen bidez, gozatu egiten dute trebetasunaren eta edertasunaren, artearen eta zientziaren, eta lurreko bizitzaren eta espiritualitatearen arteko orekarekin. 

Bestalde, bosgarren mailan trantsizio garrantzitsu bat gertatzen da: mitologiaren ikasketa bukatzen dute, historia ikasten hasteko. Zehazki, ikasturteari amaiera emateko, Alejandro Handiaren biografia lantzen dute, jainkoen inguruko mitologiatik gertaera historikoetan oinarritutako historiarako jauzia markatzen duelako eta autodeterminazioaren bilaketaren epika ezin hobea delako.  

Aipaturiko horien guztien inguruan, zehaztasunez beteriko laburpenak idazten dituzte, saiakera antzekoak sortuz, eta diktaketa, gramatika, ortografia, hiztegia eta ikerketarako trebetasunak… lantzen jarraitzen dute. 

Matematiketan, berriz, zenbaki dezimalen munduan sartzen dira, lau eragiketak erabiliz. Halere, jarraitu egiten dute zatikiak praktikatzen, hainbat digiturekin lan eginez, eta baita problemak ebazten ere. Gainera, esku hutsezko geometria ikasi eta praktikatzen dute. 

Badaude beste arlo batzuk ere. Adibidez, botanika eta geografia. Botanikaren bidez, naturaren ezagutzan sakontzen dute, eta geografiaren bidez, pertsonak herrialde jakin batzuetan bizi eta lan egiteko arrazoiak eta moduak ezagutzen dituzte, zehazki, Espainiako geografian oinarrituz, lurraren, paisaiaren eta kokapenaren arteko loturez jabetzen dira, eta ondoren, erkidegoren bat aukeratuz, ikerketa-lan bat egin eta klasearen aurrean aurkezten dute.

Esan behar da bosgarren mailak baduela momentu goren bat: olinpiada greziarrak. Urtean zehar, gorputz hezkuntzako orduan, antzinako olinpiadetako bost probetan (diskoan, jabalinan, borrokan, luzera-jauzian eta lasterketan) prestatzen hasten dira, udaberrian Ampuriasko hondakin greziar batzuen ondoan beste Waldorf eskola batzuetako ikasleekin lehiatzeko. Atletismoari eta norbanakoaren bikaintasunari eskainitako ekitaldia izaten da.

Artea

Pintura, marrazketa, buztinaren modelaketa.

Atzerriko hizkuntza

Ingelesa

Eskulanak

Puntua bost orratzekin: galtzerdiak egiten dituzte.

Musika

Banda edo orkestra, kantua, kantu korala eta txirula, baita neska-mutikoek jotzen dituzten musika-tresnak ere.

Gorputz-hezkuntza

Pentatloneko bost probak: diskoa, jabalina, jauzi luzea, borroka, lasterketa.
Euritmia.
Egurraren lanketa.

Seigarren maila

Seigarren mailako ikasketa-planak jarraibide zorrotzak eta kontzeptu argiak ematen ditu ongiaren eta gaizkiaren artean bereizten laguntzeko. Zehazki, zuzenbide erromatarra ikasten dute, zuri-beltzez eginiko marrazketan murgiltzen dira, gorputz-hezkuntzan oztopoak gainditzea eskatzen duten ariketak egiten dituzte, eta gela barruan “konparaketa- eta kontraste-lanak eskaintzen zaizkie, fenomeno bakoitzaren lege orokorrak formulatzera heltzeko”.

Seigarren mailan ikasgai berriak sartzen dira lehen aldiz: fisika, geologia eta mineralogia. Fisikan akustikaren, optikaren eta termodinamikaren behaketaren bidez murgiltzen dira. Mineralogian eta geologian, aldiz, leize-zulo eta meatokietara txangoak eginez, lurraren geruzetan kareharria, mineralak, metalak eta beste harri batzuk nola sortzen diren ikusteko, beraz, esperientzia biziak izanez.

Matematiketan, forma geometrikoak esku hutsez egitetik, konpasa, erregela, eskuaira eta kartaboia erabiltzera pasatzen dira, geometria zehatza praktikatzeko eta forma horien ezaugarri matematikoak ezagutzeko; perimetroa eta azalera kalkulatuz matematika ekonomikoak aplikatzen ikasten dute.   

Gaztelanian eta euskaran, ikasleek idazketarako gero eta gaitasun handiagoa eskuratzen dute. 

Historian, behin hamabi urte beteta, prest egongo dira historiaren kausalitatea bizi izateko, eta Erromatar Garaiko eta Erdi Aroko historia ezagutuko dute.

Geografian, ikerketa bat eramango dute aurrera Europako herrialde baten inguruan eta ikerketa horren ondoren, lan sakona eta zehatza aurkeztuko dute denen aurrean. Prozesuan zehar, trebetasun akademiko ugari bereganatuko dituzte, izan ere, askotariko baliabideak kontsultatu, oharrak jaso eta antolatu, eta beren ikerketen sintesia egin beharko dute. 

Artea

Pintura, marrazketa, modelaketa.

Atzerriko hizkuntza

Ingelesa

Eskulanak

Panpina eta animaliak josten dituzte, patroien bidez.

Musika

Banda edo orkestra, kantua, kantu korala, txirula eta neska-mutikoek jotzen dituzten beste musika-tresna batzuk.

Mugimendua

Euritmia eta gorputz-hezkuntza.

Antzerkia

Erromarekin eta orduko zibilizazioarekin zerikusia duen lanen bat.

Ir arriba