FAQ

Waldorf pedagogia heziketa ulertzeko eta gauzatzeko modu jakin bat da, duela 100 urtetik hona mundu osoko Waldorf eskoletan praktikatzen dena. Irabazi-asmorik gabeko eskola independenteen sarerik handia osatzen dute munduan, eta beharbada baita azkarren zabaltzen ari denetariko bat ere. Ez dago administrazio-egitura zentralizaturik, eskola horiek guztiak zuzentzen dituenik; bakoitza independentea da administratiboki, baina badira hainbat elkarte baliabideak eskaini, materialak argitaratu, hitzaldiak antolatu eta pedagogia bera sustatzen dutenak.

XX. mendearen hasieran mugimendu garrantzitsu bat piztu zen hezkuntza modernizatzeko asmoz eta horren baitan sortu zen, beste askoren artean, baita Waldorf pedagogia ere. Rudolf Steiner filosofo austriarra izan zen sortzailea eta helburu nagusi bat izan zuen horretan: pedagogiaren bidez gizaki askeak sortzea, beren kabuz beren bizitzei helburu eta norabide bat emateko gai izango diren gizakiak.

Esan behar da Waldorf pedagogiaren oinarrian gizakiaren ezagutza sakona dagoela eta ezagutza horren bidez haurraren garapen orekatua bilatzen duela, hau da, adimenaren, artistikoki aberastutako mundu emozionalaren eta borondate osasuntsu eta aktiboaren garapen orekatua, bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzak bizitzaren erronka praktikoei aurre egiteko gai izan daitezen. Eginkizun horretan, artearen diziplinak ikasketa guztiak bustitzen ditu, lan intelektuala modu osasuntsuan orekatu dadin.

Horrekin batera, funtsezkoa da haurrak ikasteko motibatuta egotea eta, horretarako, lagundu egiten zaie berezkoa duten jakin-mina garatzen, jakiteko gogo bizia piztu dakien; beraz, pedagogia honetan barruko edo berezko faktoreak bultzatzen dira, horiexek direlako benetako ikasketa gauzatuko dutenak. Eta hori guztia argi izanda irakasleak ikasleak bezain interesatuta eta gogotsu egonda bakarrik lortu daitekeela.

Badago zerbait Waldorf Pedagogian bereizgarri dena eta hitz hauek laburbiltzen dute: “Gure ahalegin nagusia gizaki askeak garatzera bideratu behar dugu, beren bizitzei helburua eta norabidea emateko gai izango diren gizakiak garatzera”.  

Waldorf Pedagogiaren helburua haurra modu integralean (burua, bihotza eta eskuekin egindako lana kontuan hartuz) garatzea da. Horregatik, curriculuma oso zabala da eta eduki teorikoak artearekin eta eskulanekin orekatzen ditu. Haurrengan ikasteko interesa piztea izaten da irakasleen asmoa, eta eginkizun horretan artea eta ekintza praktikoak irakaskuntza teorikoaren zerbitzura jartzen dituzte. Horrela haurrek berez duten ikasteko gogo hori pizten da, notek eragiten duten lehia behar izan gabe.

Hauek dira Waldorf Pedagogiaren beste alderdi bereizgarri batzuk:

-Hasierako eskola-urteetan ez dago helburu akademikorik. Txikitxoen geletan baztertu egiten dira eduki akademiko hutsak, ikasketa akademikorako behar diren gaitasunak garatzea bilatzen delako. 3 urtetik 6ra bitarteko etapa berebizikoa da haurraren garapenean eta, horregatik, bere garapen-momentuari dagozkion helburu eta helmugak jartzen dira, ez dira Lehen Hezkuntzako etapako edukiak aurreratzen. Hauek dira haur-hezkuntzaren printzipio nagusiak: autonomia, mugitzeko askatasuna, eta ikasketa soziala edo intuiziozkoa, esperimentazioaren eta jolas librearen bidez. Irakurketa eta idazketaren ikaskuntza formala Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan hasten da.

– Lehen Hezkuntzan, tutoreak etapako sei ikasturteak egiten ditu bere ikasleekin batera. 

– Lehenengo urteetan, jarduera artistikoen eta mugimenduaren bidez ematen dira edukiak, haurren ikasteko modu naturalarekin bat egiteko. Haur guztiek ikasten dute puntua egiten, kakorratza erabiltzen, josten eta txirula jotzen. 

– Ez dago testu-libururik. Urtean zehar ikasgai bakoitzean haur bakoitzak egiten dituen koadernoak dira beren testu-liburuak. Horietan jasotzen dute egin eta ikasten duten guztia. 

– Waldorf eskoletan irakaskuntza ez da konpetitiboa. Lehen Hezkuntzan zehar haurrei ez zaie notarik ematen, gurasoei bakarrik, eta ikasturte bakoitzaren bukaeran tutoreak eta irakasle espezialistek ebaluazio kualitatibo bat idazten dute.

– Waldorf eskoletan neska-mutikoei bitarteko elektronikorik ez emateko gomendatzen zaie gurasoei, ezta telebista ere, bereziki haurrak txikiak direnean.

Geroa Waldorf Eskolako irakasle eta maisu-maistrek unibertsitateko prestakuntza dute, bai Haur eta Lehen Hezkuntzetakoek (diplomatura edo gradua) eta bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek ere, beren diziplinetan, eta azken hauek baita irakasleen prestakuntzarako unibertsitate-masterra ere. Titulazio horiez gain, Waldorf Pedagogiako 3 urteko espezializazioa dute guztiek. Edozein modutan ere, askok beste unibertsitate-ikasketa batzuk ere badituzte, edota bestelako formakuntza batzuk ere, akademikoki zein artistikoki aberasten dituztenak. Lan-esperientziari dagokionez, aniztasun handia dago eskolan, irakasle gazteak zein esperientzia handikoak baititugu.

Waldorf irakaslea izatea erronka handia da, izan ere, etengabe hobetzen aritzea eskatzen du, bai profesionalki (hausnarketa, irakurketa, ikastaro edo ostegunero egiten diren klaustroen bidez) eta bai pertsonalki ere. Horri esker, maisu-maistra ona izateko behar diren ezaugarriak landuz edo eskuratuz joaten da, esate baterako, orainaldian edo momentuan egoteko gaitasuna, epairik gabeko behaketa objektiboa egiteko gaitasuna, lasaitasuna eta isiltasuna, egiazkotasuna eta norbere buruarekiko zintzotasuna. Zalantzarik gabe, horrek guztiak ibilbide luzea eskatzen dio irakasleari bere buruaren heziketan, eta horregatik hezkuntza artea dela esaten dugu.

Waldorf eskoletan maisu-maistrek oso ondo ezagutzen dituzte beren ikasleak, denbora asko ematen dutelako elkarrekin. Interesa jartzen dute ikasle bakoitzean eta bakoitzaren beharrak (heziketazkoak, sozialak zein emozionalak) ezin hobeto ezagutzera heltzen dira. Lotura estu horri esker, irakasleak gaitasun handiagoa izaten du ikasketa-planaren bidez ikasle bakoitza egoki bideratu eta laguntzeko. 

Dena den, tutoreak ikasleei sei urtez laguntzeko ezaugarri hori batzuetan ez da posible izaten betetzea.

Ebaluazioa bi modutara gauzatzen da. Alde batetik, hiruhileko bakoitzaren amaieran irakasleek ikasle bakoitzak lortutakoaren ebaluazioa egiten dute. Horren osagarri, ikasleek ere beren lanaren eta ikasitakoaren autoebaluazioa egiten dute. Bestalde, ikasturtearen amaieran, ikasgai guztien ebaluazio oso bat egiten da, ikasturte amaierako ebaluazio-txosten baten bidez. Tutoreak eta irakasle espezialista bakoitzak ikasleek ikasturte osoan zehar egindako lanaren ebaluazio kualitatiboa egiten dute. Ebaluazio horiez gain nota ofizialak ere jartzen dira.  

Orain arte egindako ikerketen arabera, Estatu Batuetan eta Kanadan graduatutako Waldorf ikasleen %94ak unibertsitate-ikasketak egiten dituzte eta %55ek baita master edo doktoraturen bat ere. Gainera, unibertsitateetako irakasleek oso iritzi ona izaten dute Waldorf eskoletako ikasleei buruz. Europan, Alemanian zehazki, unibertsitatean sartzeko probetako emaitzak aztertzen dituzten ikerketen arabera, badirudi azterketa gainditzen duten ikasleen portzentajean askoz gehiago direla Waldorf eskoletako ikasleak sistema estataleko ikasleak baino, batzuetan bi aldiz edo hiru aldiz gehiago.

Espainian oraindik ez dago horrelako azterketarik, baina badakigu Madrilen batxilergoa eskaintzen duen Waldorf eskola bakarreko ikasleek, Escuela Libre Micaeleko ikasleek, eta institutu publikoetako ikasleek antzeko emaitzak lortzen dituztela.

Gure eskolari dagokionez, esan dezakegu lehenengo batxilergora eta gero unibertsitatera joan diren gure ikasleak arazorik gabe egokitu direla sistema ofizialera eta askok kalifikazio bikainak izan dituztela.

Waldorf eskoletan uste dugu teknologia berrien erabilerak oztopatu egiten duela irudimenaren eta denbora-pasa kudeatzeko gaitasunaren garapena. Teknologia berriak ohiko bizimoduaren parte izatea ezin da ekidin, baina, familiak animatu egiten ditugu beren seme-alabek telebista, pelikula, bideojoko, ordenagailu, sakelako telefono eta antzeko bitarteko elektronikoen aurrean ematen duten denbora ahalik eta gehien mugatzera. Aste barruan, behinik behin, pantailarik eta gailu elektronikorik ez erabiltzeko eskatzen diegu. Badakigu batzuetan zaila izan daitekeela, batez ere Waldorf eskolara etorri aurretik halako gailuetan oso murgilduta egon diren haurren kasuan. Eta eskolak eta bertako familiek lagundu egiten diete familia berriei aldaketa hori egiten. Kontua ez da teknologia horiek curriculumetik kentzea, baizik eta adin egokian eskaintzea.

Hezkuntza elebidunaren aldeko apustua egiten dugu, elebidun hitzari benetako esanahia emanez, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz lan egiten da, eta bi hizkuntza horiek irakasle gaituak izaten dituzte eredu.

Hizkuntza baten balioa benetan ulertzera heltzeko ezinbestekoa da lehendabizi haurrek beren ama-hizkuntza egoki garatzea. Orduan bakarrik ikasi ahal izango dituzte beste hizkuntza batzuk modu egokian. Beraz, haurrak askatasuna behar du bere hizkuntza erabiltzeko, bere hizkuntza bere izate osoan garatu dadin.

Horrek guztiak esan nahi du Haur Hezkuntzan haur bakoitzari bere ama-hizkuntzan hitz egiten zaiola. Haurrak bere izate guztiarekin ikasten duenez, laster izango da gai beste hizkuntza eskuratzeko, imitazioz eta entzunez.

Haurrak, 9 urte bete arte (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa), hizkuntza bat eta horren egitura bere izate osoarekin ikas ditzake kontzeptu intelektualen beharrik gabe; horregatik da garrantzitsua hirugarren hizkuntza batekin (baita laugarren hizkuntza batekin ere) adin hori baino lehen hastea.

Lehen Hezkuntzan ikasle bakoitzaren maila hartzen da kontuan, eta hortik abiatuta bi hizkuntzetan garatzen dira bere hizkuntza-gaitasunak. Irakasgaiak hizkuntza batean edo bestean ematen dira, talde bakoitzaren zirkunstantzia partikularren arabera, betiere helburua bi hizkuntzak menderatzea dela kontuan hartuta.

1919an, Rudolf Steiner filosofo eta zientzialari austriarra Stuttgarteko (Alemania) Waldorf-Astoria zigarro-fabrikara gonbidatu zuten, hango langileei hainbat hitzaldi eman ziezaien.

Horren ondoren, fabrikaren jabeak, Emil Moltek, fabrikako langileen seme-alabentzat eskola bat sortu eta zuzentzeko eskatu zion. Hark onartu egin zuen eskaria, baina lau baldintza jarri zituen: eskolak edozein neska-mutikorentzat egon behar zuen zabalik; neskentzat zein mutilentzat izan behar zuen; hamabi eskola-urteak eskaini behar zituen; eskolaren zuzendaritza irakasleen eskutan egongo zen, eta gobernuak ahalik eta gutxien sartuko zuen eskua. Moltek onartu egin zituen lau baldintzak eta 1919ko irailaren 7an Die Freie Waldorfschulek ateak ireki zituen, Rudolf Steinerrek berak irakasle izango zirenak prestatu ondoren. 

Waldorf Pedagogiaren sortzaile izan zena, Rudolf Steiner (1861-1925), austriarra zen. Matematikak eta Natur Zientziak ikasi zituen Vienako Goi Eskola Teknikoan, baina horiez gain Filosofia, Literatura, Psikologia eta Medikuntza ere ikasi zituen zegozkien fakultateetan.

21 urte zituela, Goetheren idatzi zientifikoak iruzkin eta guzti kaleratzeko eskatu zioten. Autore horren pentsamendua abiapuntutzat hartuta, gizakia bera eta gizakiaren etapaz etapako hazkundea behatu eta ikertzeko metodoa garatu zuen.

Bere ikasketa ugariak eta gizakiaren bizi-garapenari buruz zuen ezagutza oinarri ezin hobeak izan ziren gero, 1919an, Waldorf Pedagogia sortzeko. Harrezkero, asko zabaldu da munduan barrena, hainbeste ezen munduan Mugimendurik garrantzitsuenetakoa da Pedagogia Librearen esparruan. 

Bestalde, Waldorf pedagogia Antroposofia hezkuntzan aplikatzearen emaitza dela esan behar da. Steinerrek metodo zientifiko zorrotza sortu zuen mundu espiritualetan norberak bere kabuz ikertu ahal izateko eta antroposofia deitu zion hortik jasotako emaitza guztiari. “Antroposofia” hitza “anthropos-sophia” (“giza jakinduria”) hitz grekotik dator. Aipatutako metodo eta ikerketa zientifiko horri Zientzia Espirituala deitu zion, eta aro garaikidean Natur Zientziek hartu zuten norabidea osatzera etorri zen. Konturatu zen ikerketa eta behaketaren bidez barruko berezko izaeraz eta kanpoko eta kosmoseko errealitate espiritualez jabetzera heldu daitekeela eta halako errealitateez jabetzerakoan, errespetua, begirunea eta miresmena pizten direla bizirik dagoen guztiarekiko. Steinerrek, eta haren oinarrizko ikuspuntuak konpartitzen dituzten pertsona askok, modu praktiko eta kultural askotara konpartitu dute ezagutza hori mundu osoko era bateko edo besteko komunitateetan: Waldorf eskolek esate baterako, eragin handia izan dute munduan. Desgaitasun mental eta emozionalak dituzten heldu eta haurrentzako heziketa sendatzaileak, berriz, patu zail hori egokitu zaien pertsonak sakon ulertzeko eta horiekin lan egiteko modua ekarri du. Nekazaritza eta lorezaintza biodinamikoek izugarri aberastu dituzte nekazaritza organikoan dauden teknikak. Medikuntza eta farmazia antroposofikoa ere gero eta interes gehiago ari dira pizten, Estatu Batuetan oraindik gutxi zabalduta dauden arren.

Garbi geratu behar da, dena den, Waldorf eskoletan erabiltzen diren irakaskuntza-metodoen oinarri teorikoan Antroposofia badago ere, ikasleei ez zaiela antroposofiarik erakusten.

Ez, erlijiosoa izatea erlijio edo sekta jakin bateko sinesmenekin bat egitea bada. Egia da Waldorf eskoletan munduko erlijio nagusiak lantzen direla, beren marko historikoan kokatuta eta guztiekiko erabateko errespetua izanda, beraz, bizitzaren alderdi transzendentala ere erakusten dela, horrek konfiantza eta segurtasuna ematen dielako haurrei, batez ere txikitan.

Baina Waldorf ikasketa-planean ez dago erlijio-klaserik eta Waldorf eskolara edozein erlijiotako ikasleak etortzen dira. Esan bezala, norabide espirituala badaukagu, baina haurrengan bizitzaren edertasun eta gauza miragarriekiko begirunea pizteko helburuarekin. 

Euritmia dantzarekin parekatu daitekeen artea da. Musika edo hitza gorputz-mugimenduen bidez adieraztean datza, eta adierazpen horretan nota edo soinu bakoitzak bere mugimendua izaten du. “Ikusten den hizketa” edo “Ikusten den kanta” ere deitu izan zaio. 

Euritmia Waldorf eskola guztietako ikasketa-planean sartzen da eta sarritan guraso berriei arraroa egiten bazaie ere, haurrek ondo erantzuten diete euritmiaren erritmo eta ariketa errazei, izan ere, beren gorputza eta bizi-indarrak sendotzeko eta harmonizatzeko balio dute. Aurrerago, ikasleak nagusiagoak direnean, poesia, antzerki eta musika uztartzen dituzten errepresentazio landuagoak sortzen dituzte, eta idatzitako edo konposatutako lanen esanahi sakonagoaz jabetzen dira.

Euritmiak baditu beste onura batzuk ere: koordinazioa hobetzen du, entzuteko gaitasuna hobetzen du eta sozialki kokatzen laguntzen du, izan ere, taldean orkestra bat bezala aritzea eskatzen die, espazioan modu jakin batean mugituz.

Euritmiako irakasle izateko lau urteko prestakuntza egin behar izaten da.  

Arrazoi nagusia izaten da Waldorf eskolek haurtzaroaren edertasuna ondratu eta babesten dutela. Waldorf eskolek izugarrizko ahaleginak egiten dituzte haurrentzat eskola-inguru segurua eta aberatsa sortzeko, beren indibidualtasuna erritmo eta modu egokian garatu dezaten.

Waldorf Pedagogiaren filosofia eta, beraz, baita ikasketa-plana ere, koherentea da haurraren eta nerabeen garapenarekin. Ikasgai guztiek hartzen dute ikasleen adina eta heldutasuna kontuan.  

Ir arriba