WALDORF PEDAGOGIA

Heziketa bereizgarria

Sormena

Ikasgaia edozein dela ere, ikasketaren esperientzia izugarri hobetu daiteke marrazketa, pintura, musika, mugimendu, poesia, modelatu, antzerki eta antzeko diziplinen bidez, eta horixe da egiten duguna. Horrekin batera argi izaten dugu zein izan behar den etapa bakoitzaren ardatza: eskolako lehenengo urteetan, txikitxoak direnean, jolasa, lehen hezkuntzan irudimena eta bigarren hezkuntzan pentsamendu sortzailea. Azken finean, haurrarengan bizitza artistiko eta kulturalarekiko zentzua bultzatu nahi dugu, irakaskuntza-ingurune estetikoa eskaintzearen bidez.

Jarduera

Jarduteak leku garrantzitsua dauka gure egunerokotasunean, hau da, adin guztietan eskaintzen diegu mugimendu egituratua, aire zabaleko jarduna eta praktikaren bidezko ikasketa. Beraz, eskola-ordutegiaren barruan guztiz ohikoak ditugu jolas herrikoiak, kirolak, euritmia, gimnasia, antzezlanak, artisau-lanak eta eskulanak.

Jarraipena

Salbuespenak salbuespen, neska-mutikoek tutore bera izaten dute 6tik urtetik hasi eta 12 urtera arte, hau da, tutoreak etaparen ibilbide osoan laguntzen die ikasleei, maisu-maistra espezialistekin batera. Ikasgairik kognitiboenak edo lau bat asteko epealdietan ematen dira, “goizeko klasea” deritzogun ordutegian. Goizeko lehen bi orduetan, oraindik nekatu gabe daudenean, ikasgai bera jorratzen dute lau astez. Horrela, haurraren arreta errazago zentratuko da gaian, ikasgaian errazago murgilduko da eta, beraz, gaia hobeto sakonduko du. Esan daiteke espazio bat sortzen dugula, espazio bat non haurrak aukera izaten duen hain beharrezkoak diren krisialdi, zalantza, kezka eta frustrazioak bizi izateko. Normalean baztertu egin ohi dira halako zirrarak eta haurrari ez zaio aukerarik ematen prozesu osoa, alegia, krisialditik hasi eta landutako edukien konkistara heldu arteko bidea aurrera eramateko. Horregatik, bide luzea proposatzen dugu, lasaitasunez joateko. Hori guztia testuinguru baten barruan, eguneko, asteko, hilabeteko eta urteko erritmoak zainduz eta urtaro bakoitzeko ospakizunekin indartuz.

Norbanakoa eta gizartea

Hainbat modutara lantzen ditugu trebetasun sozial eta emozionalak: haurtzaroak hain berezkoa duen harridura zainduz, hasierako urteetan famili giroa sortuz, helduok autoritate eta orientabide argia eskainiz eta Bigarren Hezkuntzan ikuspegi global eta sozialak esploratuz. Eta lana aldebakarrekoa izan ez dadin, hilero-hilero familiekin elkartzen gara, tutorearen eta familien arteko topaketa pedagogikoak antolatuz.

Inklusioa eta diferentziazioa

Irakasleek konpromisoa dute ikasgaiak modu irudimentsuan helarazteko eta horrek taldearen barruan maila ezberdinetan lan egiteko aukera ematen die ikasleei, bakoitzaren sendotasunak, ahuldadeak edo ikasteko estiloak edozein direla ere. Gelako dinamikak, beraz, aukera ematen du ikasketa banakakoari eta diferentziatuari lekua egiteko.

Ahozkotasuna

Gurean bizi-bizirik daude ahozko tradizioa eta narratiba. Errezitazioa, antzerkia, olerkia, ipuinak, mitoak, kultura guztietako kondairak… eguneroko osagaiak dira eta ia beti ahoz helarazten dizkiegu. Hizkuntza modernoak (idealki bi) sei urtetik aurrera erakusten ditugu. 

Adinari egokituta

Ez azkarregi ez beranduegi. Ikasgaien edukiak eta aurkezteko moduak haurren garapen emozional, sozial, fisiko eta intelektuala hartzen dute kontuan. Beraz, heziketa arautua, sei urterekin hasten dena, haurraren garapenaren ibilbidea eta erritmoa errespetatzeko moduan gauzatzen da.

Ebaluazioa

Haur bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak behatu eta deskribatu egin daitezke, baina ez neurtu. Etengabeko ebaluazio hezigarriaren eta behaketa eta azterketa sakonaren bidez, hurbil-hurbiletik jarraitzen diogu haur bakoitzaren garapenari. 

Bikaintasuna

Haur bakoitzak diziplina guztietan onena ematea bilatzen dugu, aldebakarreko ikasketa edo espezializazio goiztiarrik gerta ez dadin. Irmotasunez, erabakitasunez eta irakaskuntza onaz beti lortu daiteke berezko gaitasunari etekinik handiena ateratzea. 

WALDORF
MUNDUAN

Waldorf eskolek oinarrizko irakaskuntza-zikloak eskaintzen dituzte: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza,Bachillergo eta Lanbide Heziketa. UNESCOrekin bat egindako eskolen artean daude eta eskola askeen mugimendurik garrantzitsuena osatzen dute munduan.

Gaur egun Waldorf eskolak (edo pedagogia horretan oinarritutakoak) 1.100era heltzen dira eta haur-eskolak ia 2.000ra, mundu osoko 80 herrialdetan zehar zabalduta. Gainera, gero eta gehiago ari dira sortzen. Pedagogia honek izugarrizko arrakasta du Sillicon Valley-n, ekonomia digitalaren gunean. Estatu Batuetan gaur egun 160 Waldorf eskola baino gehiago daude eta horietatik 40 Kalifornian. Ez da kasualitatea Sillicon Valley-n, munduko teknologiaren sorlekuan, Waldorf eskolen kopurua handia izatea.

Sillicon Valley-ko eskola horietako batean, zehazki, Waldorf School of the Peninsula-n, ikasleen bi herenak munduko teknologia-enpresa garrantzitsueneko zuzendari, exekutibo eta ingeniarien seme-alabak dira. Hau da, Waldorf pedagogia aukeratu zuten, beren seme-alabak etorkizuneko erronketarako prestatzeko. Eskola sortu ere “abiadura eta teknologia handiko kulturaren seme-alabei bihotzaren eta gogoaren hezkuntza eskaintzeko helburuarekin” sortu zuten 1984an.

Ir arriba