Bigarren hezkuntza

12 urtetik 16ra bitarteko adin-tartea hartzen du bigarren hezkuntzak, gaztearen garapenean etapa zinez garrantzitsua, izan ere, eraldakuntza prozesu izugarria bizi du. Alde batetik, barrualderantz norbanakoa dela sentitzen hasten da eta, bestetik, kanpoaldera izaki soziala ere badela sentitzen du.

GEROA ESKOLAN, Eusko Jaurlaritzaren Bigarren Hezkuntzako curriculum ofiziala betetzeaz gain, Waldorf pedagogiaren ikuspegitik oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk ere lantzen ditugu, heziketaren bidez gizakiaren osotasuna landu nahi dugulako. Horrek esan nahi du balio kognitiboa duten arloekin batera, jarduera artistiko eta praktikoak ere lantzen ditugula, gure ustez horixe delako bidea adin honetako benetako helburua lortzeko, alegia, gaztea heldua izatera heltzen denean gai izatea

• Askatasunez pentsatzeko eta iritzi propioa izateko.
• Gizartean egoki moldatzen lagunduko dion oreka emozionala izateko.
• Idealak eta grinak gauzatzen, alegia, bere asmoak betetzen ahalegintzeko.

Ikasle sortzaileak nahi ditugu gizarteratu eta horretarako, egunero gauza berriak sortzeko eskatzen diegu. Sorkuntza-lanik handiena beren liburuak sortzea izaten da. Gure eskolan ikasleek ez dute testulibururik; beraiek sortzen dituzte beren liburuak, egunero lan handia eginez. Horrek, bestalde, irakasleak klasea beti modu berri eta sortzailean prestatzea eskatzen du, zaila baita sortzailea izaten erakustea norbera sortzaile izan gabe. 

Arteko klase espezifikoetan ez ezik (musika, egur-lanketa, marrazketa…), artea arlo guztietan (matematika, historia, hizkuntzak…) ere aurkituko dugu. Eguna bera ere poesia errezitatuz, txirula joz eta erritmo ariketak eginez hasten dugu, gazteari esnatzen laguntzeko.

Esperientziak erakutsi digu jarduera hauek arlo artistikoan zein arlo intelektualean pizten dutela sormena. Gainera, dagoeneko zientzia bera ere konturatu da mugimenduak, musikak eta poesiak lagundu egiten dutela beste gai hotzago batzuk, dela matematika edo dela filosofia, hobeto ulertzen.

Ardatzak diren irakasgaiak periodoka ematen ditugu, hau da, gutxi gorabehera hiru asteko epean egunero goizeko lehen bi orduetan arlo bakarra lantzen dugu. Horrela, askoz errazagoa da ikasleek gaian sakontzea eta interesa ez galtzea. Arlo bakoitza, gainera, aitzakia bat baino ez da nerabeak munduari begira jarri eta perspektiba berriak eskaintzeko.

Arlo zientifikoetarako atea, berriz, esperimentazioa izaten da beti. Ohiko metodo pedagogikoetan normalean lehendabizi legea ematen da eta gero, lege horretatik abiatuta problemak ebaztera jotzen da. Waldorf pedagogian bide fenomenologikoa hartzen da, hau da, ikasleek esperimentatu egiten dute lehenengo eta gero hortik fenomenoen atzean dagoen legea ondorioztatzen. Hainbat dira bide honen onurak, baina bereziki hauxe: beren pentsamenduan konfiantza izaten eta ideia abstraktu eta logikoak ulertzen ikasten dutela.

Horrekin batera, bultzatu egiten ditugu txikiagoak zirenean autoritateak esaten zuelako onartzen zituzten jarrera eta usteei aurre egitera eta euren ikuspuntuak lantzera, baita beharbada gainerakoek mundua beste modu batean ikusten dutenean ere. Beste era batera esanda, gauzak euren kabuz epaitzeko gaitasunaren garapen osasungarria bultzatzen dugu eta, horrekin batera, gelak osatzen duen komunitatean erantzukizun soziala hartzera animatzen ditugu. Izan ere, adin honetan berebizikoa da ikasleek munduko bizilagunak direla eta norbanako modura erantzukizun soziala ere badutela esperimentatzea.

Gure irakaskuntzaren emaitzak izugarri ederrak dira. Guretzat garrantzitsuena ikasle bakoitzak modu egokian garatzeko behar dituen oinarriak jaso dituela egiaztatzea izaten da. Gure ustez, ikasle bakoitza bakarra da eta berezitasun horretan zerbait berria dakar munduari eskaintzeko. Horregatik, bere gaitasun propio horiei loratzen utzi behar diegula uste dugu, norbanako modura dakarren hori garatzera heldu dadin. Beste emaitzetakoa bat da ikasleak gizartean erabakitasunez integratzen direla ikustea. Waldorf pedagogiak indarra duen herrialdeetan estatistikek diote Waldorf eskoletan hazitako ikasleak emaitza hobeekin pasatzen direla unibertsitatera. Gure eskola gazteak oraindik ez dauka lekurik estatistiketan, baina badakigu hemendik joan diren ikasleak oso ondo integratu direla bai sozialki eta bai akademikoki. Langileak dira, jakin mina dute, gauzen zergatia bilatzen dute, kritikoak ere izan daitezke gustatzen ez zaienarekin, eta batez ere gazte sortzaileak dira, sortzaileak eta beren buruan eta beren iritzian konfiantza dutenak.

Ez dakigu gure gazteek zeri egin beharko dioten aurre etorkizunean. Hori da garbi daukagun gauza bakarra. Beraz, gure zeregina da gazteei imajinatu ere ezin ditugun egoerei aurre egiteko gaitasuna ematea, ez baita nahikoa eduki jakin bat errepikatzeko prestatzea, zerbait gehiago behar dugu.

Horregatik, gure helburua da gure ikasleek bizitzarako funtsezkoak diren era guztietako trebetasunak eta inteligentziak eskuratzea: munduarekiko interesa eta erantzukizuna, ondo egindako lanarekiko pertseberantzia, iritzi propio eta independentea, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna, enpatia eta taldean lan egiten jakitea…

Laburbilduta, ikasleen kontzientzia indibidual eta soziala pizten lagundu nahi dugu, norbanako aske bezala duten esentzia galdu gabe gizarteratu daitezen. Gure heziketa askatasunera daraman heziketa da

Zazpigarren maila - 1. DBH

ESPLORATZEN ETA DESKUBRITZEN

Waldorf Pedagogian ikasleek bide fenomenologikoa egiten dute, hau da, esperientziatik abiatuta legea ondorioztatzera heltzen dira. 

1. Fenomenoak deskribatu
2. Behatu
3. Egia ondorioztatu

Begiratu, deskribatu eta norbere buruari galderak egin. Bizitzaren egietara heltzeko gai direla sentitzeko aukera ematen diegu horrela.

Laster itsasoratuko diren marinelak bezala, zazpigarren mailako ikasleak ere desiratzen egoten dira ikasmaila honek eskainiko dizkien aukeretan murgiltzeko, sozialki zein ikasketa aldetik izugarrizko aukerak zabaltzen zaizkielako. Izan ere, Zazpigarren Maila itsas bidaia luze baten antzerakoa da: aukera paregabea norbere gaitasunei desafio egin eta trebetasun berriak garatzeko.

Zientziaren arloan, Kimikan, konbustioaren ezaugarriak behatzen dituzte sua egitearen bidez. Elementuak behatu eta azido eta baseen efektua ondorioztatzen dute. Fisikan, mekanikaren munduan murgiltzen dira, ikustezko fenomenoak eta beroarenak esploratu eta materialek gure esperientzia sentsorialetan duten eragina behatzen dute, eta palankaren eta orekaren erabilera praktikoak ikusi.

Matematikan, zenbaki negatiboak erakusten zaizkie eta problemen ebazpenean jarduten dute, aljebrako kontzeptuak eta lehen mailako ekuazioak erabiliz. 

Euskara eta Literaturan eta Gaztelania eta Literaturan, ikasleak hitzetan murgiltzen ditugu eta barnealdean zein kanpoaldean inspiratzera bultzatu. Oreka bilatzen dugu formen (errima, neurria eta estiloa) eta ikasle idazle bakoitzaren ahots sortzailearen artean.

Artean perspektibadun marrazketa ikasten hasten dira. Diziplina horren bidez, lege geometrikoen aplikazio zorrotza ikasteaz gain, horrek eskatzen duen trebetasun artistikoa bereganatzen dute, ikusten dutena modu zientifikoan marrazteko. 

Geometriari erabilera guztiz praktikoa ematen zaio. Eskulanetako orduak irudi geometrikoak josteko eta benetako artelanak sortzeko erabiltzen dira. Horrekin batera, etxeko txapinak ere josten dituzte. 

Historian, Europako Pizkundean murgiltzen dira. Bertan, gizakiaren indarrak eta ahultasunak ageri-agerian jartzen direnez, horiez jabetzeko aukera izaten dute. Batez ere esplorazioaren eta aurkikuntzen bidez egiten dute lan. Horregatik, Amerikako Geografia izaten da ikasmaila honetako ardatz nagusia. Taillan ikasleek kaiku bat egiten dute enbor batetik abiatuta.

Biologian gizakiaren prozesu metabolikoak ikasten dituzte eta elikadura osasungarriaren garrantziarekin lotu. 

Musikan, pizkundearen garaiko izpirituarekin bat eginez, horixe baita sasoi honetan bizi dutena, errepertorio zabala eskaintzen zaie, hainbat toki eta garaitako musika ezagutzeko. Nagusiki erritmoa eta ahotsa lantzen dituzte.

Ingelesean, ahozko adierazpenak garrantzi handia izaten jarraitzen du, baina idatzizko adierazpenari ere indarra ematen zaio. Zeregin horretan ingelesa hitz egiten den herrialdeetako kulturak lantzen dituzte.

Zortzigarren maila - 2. DBH

IRAULTZEN GARAIA

Badago hitz bat Zortzigarren Maila bete-betean deskribatzen duena: “polaritateak”. Ikasten duten ia guztia bi ikuspegitatik jorratzen dute edota edozein arazoren aurrean bi erantzun egoki egon daitezkeela, alegia, edozein gai edo arlotan bi alderdi daudela ikusten dute. Adin honetako ikasleari izugarrizko indarrak pizten zaizkio bizitza emozionalean eta, horregatik, ikasketa-planak indar horiek asebete, elikatu eta orekatzea bilatzen du. Dualtasuna jorratzen da horretarako; izan ere, bizitza emozionalean zirrara edo emozioek bikote kontrajarriak osatu ohi dituzte: sinpatia eta antipatia, poztasuna eta tristura, maitasuna eta gorrotoa, ongia eta gaizkia… Ikasleek adin honetan garatzen eta Biologian ikasten dituzten giharrek ere (hainbeste mugimendu egiteko aukera ematen digutenek) dualtasuna erakusten dute.

Bestalde, Zortzigarren Mailan ikasleei desafio handiagoak eskaintzea bilatzen da, Bigarren Hezkuntzaren bukaerarako pentsamendu independentea garatzera heltzen laguntzeko. Kontuan hartu behar da, halaber, ikasmaila honetan nerabezaroan sartzen direla bete-betean. Jauzi horrek gaitasun handiagoa ematen die beren iritzia edo juizioa sortzeko, eta gogoa pizten die erantzukizun handiagoz jokatzeko eta nortzuk diren eta zer izatera heldu nahi duten bilatzeko. Horregatik, Lehen Hezkuntzatik urrundu ahala, autoritatearen figura beren barruan bilatzen hasten dira. 

Zazpigarren mailako ikasleari buruz aurkikuntzazko bidaia batean murgilduta bizi dela esan dugu arestian; bada, Zortzigarren mailakoari buruz iraultzailea dela esan behar dugu. Horregatik, Historian garai iraultzaileak ikasten dituzte, Geografian mundu zabalagoa agertzen zaie eta  Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literaturan narrazioak dira zabaltzen direnak. Artean perspektiba eta kolorea eta bere ezaugarriak lantzen dituzte.

Ikasturte osoan zehar ikasle bakoitzak proiektu bat prestatzen du idatziz, berak aukeratutako gai bati buruz, eta ikasturtearen amaiera aldera, ahoz aurkezten du eskola komunitate osoaren aurrean.

Matematikan aljebra lantzen jarraitzen dute eta ekuazioen sistemak, polinomioak eta potentziak deskubritzen dituzte. 

Fisikan nagusiki hidraulika lantzen dute eta Kimikan prozesu organikoak, fotosintesitik abiaturik. Bai batzuk eta bai besteak esperimentazioren bidez bereganatzen dituzte.

Musikan jarraitu egiten dute adierazpen artistikorako gaitasuna lantzen, oraingo honetan taldekako zein bakarkako kantuak landuz, momentu honetan bizi duten dualtasun handiari erantzun nahian, alegia, euren burua aurkitu nahiak sortzen dien bakardadearen eta munduaren ikuspegi globalaren arteko dualtasunari erantzun nahian. Diktaketak, inprobisazio erritmiko eta melodikoak ere egiten dituzte.

Ingelesean gramatikaren mundu zoragarri bezain konplexuan murgiltzen dira, iragan, orainaldi eta etorkizun ezberdinen arteko aldeak ezagutzeko. Horrekin batera, ikerketa-lan bat ere egiten dute lehen aldiz ingelesez, ikaskide guztien aurrean aurkezteko. Erronka zoragarria benetan.

Bederatzigarren maila - 3. DBH

MUNDU BERRI ETA INTERESGARRIA. BEHAKETAREN INDARRA

Bederatzigarren Mailan, behatzeko, galderak egiteko eta aukera ezberdinak irudikatzeko eskatzen zaie ikasleei. Beren garapenaren momentu honetan prest ditugu pentsamendu analitikoaz eta zorroztasun akademikoaz baliatzeko, nahiz eta oraindik mundua askotan zuri-beltz ikusten duten. Beraz, adin honetako ikasleek polaritateak eta kontrasteak esploratzen jarraitzen dute, eta esplorazio horren bidez nerabezaroaren etapa honetan gertatzen zaizkien aldaketa fisiko eta emozionalez jabetu eta pentsamendu zehatz eta abstrakturako oinarriak ezartzen dituzte. 

Ikasle hauek begirada berriarekin ikusten dute orain mundua eta behatzen dutenaren bidez ikasten dute. Egia esateko, desiratzen daude ikasteko eta ideia berriak bereganatzeko, eta horretarako batez ere kontrakoen edo aurkarien arteko oreka bilatzea praktikatzen dute. 

Aurreko urteetako trebetasun eta esperientziak oinarri ezin hobeak bihurtzen dira orain munduan probak egin eta beren egia aurkitzeko. Hauxe galdetzen diote orain beren buruari: “Zerez nago ni eta zerez dago mundua egina?”. Galdera horrek munduarekiko interesa pizten die. Urtez urte autonomia handiagoa eskuratzen dutela ikusiko dugu, eta baita gainerakoekiko interes eta enpatia handiagoa ere.

Eskolatik bueltan etxera heltzen direnean, jarraitu egiten dute hainbeste lan egiteaz eta halako gauza “desatseginak” egin behar izateaz “protestatzen”. Baina “protestaren” eta “atsekabearen” azpian, benetako poztasuna eta harrotasuna bizi dituzte. Ikusi besterik ez dago beren esperientziak nola kontatzen dituzten! 

Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura gaietan, analisi abstrakturako jauzia egiten dute, sintaxiaren bidez. Gainera, antzezlan bat ere prestatzen dute guztien artean, eskolako komunitatearen aurrean antzezteko.

Matematikan, sakonago lantzen dituzte aljebra eta problemen ebazpena, bigarren mailako ekuazioetan murgiltzen dira eta gorputz geometriko eta platonikoak ezagutzen dituzte.

Fisika eta Kimikan, kimika inorganikoa ikasten dute esperimentazioaren bidez.

Udaberrian Ortugintzan hasten dira. Lurra prestatu, erein eta zaindu ondoren, uzta jasoko dute udazkenean. Erleak zaintzen ere hasten dira.

Zuri-beltzezko marrazketan, argia eta iluntasuna elkarri esker existitzen direla deskubritzen dute, argiaren eta iluntasunaren artean dauden ñabardura guztiekin batera.

Geografia, Historia eta Artearen Historian prozesu historikoak behatzeko lana egiten dute, prozesu horien tesi, antitesi eta sintesi mugimenduei erreparatuz.

Geologian, astronomiako kontzeptuak lurreko prozesu geologiko orokorrekin (higadura, ekosistemak…) uztartzen dituzte.

Musikan, musikaren, historiaren eta gizartearen arteko loturak lantzen dituzte; kanonak, fugak edota kantatak prestatzen dituzte eta horien konpositoreen biografiak ezagutu.

Ingelesean, aldaketa handia gertatzen da forma edo edukiaren aldetik. Gramatikaren forma konplexuagoetan murgiltzeaz gain, Irlandako historia eta kultura jorratzen dituzte.

Hamargarren maila - 4. DBH

EGIAZKOA DENA DESKUBRITZEN

Hamargarren Mailako ikasleek gauzek nola funtzionatzen duten jakin nahi dute. Kanpoko munduan zein euren barruan bizi dituzten prozesuak, hazkundea eta eraldaketa ulertu nahi dituzte. Antzinako kulturak ikasterakoan ere, kultura horietako erlijio, literatura, geografia eta filosofiari buruz pentsatzen dute, konparaketak eginez.

Izan ere, Hamargarren Mailan aldaketa garrantzitsua gertatzen da gazteen begiradan: bat-batean kanpoan jartzen dute arreta. “Munduaren lagun” egiten dira bihotz-bihotzetik, eta gainera, gaitasun berri batekin egiten dute topo: barne-bizitza sakonagoaren bidez euren buruarekin zein lagun hurkoarekin konektatzeko gaitasunarekin. Konektatzeko edo bat egiteko grina pizten denean, baina, bakardade-sentimendua ere piztu daiteke. Hamargarren Mailako ikaslea jabetu egiten da bera eta mundua bananduta daudela eta hauxe galdetzen dio bere buruari: “Posible da ezagutzen dudan hori ni izatea?”. Badago pentsamendu horretan ikasleei oreka aurkitzen laguntzeko modu bat: konparaketa praktikatzea. Horren bidez konfiantza handiagoa eskuratu dezakete euren buruan. Horrela, aurkarien arteko mugimendua eta tentsioa behatzen dituzte eta baita tentsioa egon arren armonia aurkitzeko egin behar den lana ere. Oreka bilatzeko gogo horri esker, ikasleak lotura edo konexio modu berri bat sortzeko gai izango dira beren buruaren eta lagun hurkoaren artean, mundua ulertzeko modu sakonago eta berriagoari esker.

Bigarren Hezkuntzako aurreko urteetako zurrunbilo emozionalak atzean geratuko dira. Eskolan emango duten azken fase honetan nerabeek lasai hartuko dute arnasa, adiskidetasun handiagoa bizi izango dute eta heldutasun handiagoz erantzungo diete ikasgaiek eskatzen duten lanari. Edozein gairi buruzko eztabaidak askoz ere lasaiagoak izango dira, aurreko ikasturteetan baino. Eztabaidak baino gehiago elkarrizketak izango dira: ikasleak gai izango dira beren ikuspuntua agertu eta besteen ikuspuntuak entzuteko. Etapa baten amaieran egongo dira eta orain arte egindako bideari begiratzen diotenean lasaitasuna eta konfiantza sentituko dituzte, gai izan direla sentituko dutelako.

Halere, etapa honek badu beste alderdi bat ere, kontrako alderdia alegia, izan ere, ikasturtea amaitutakoan betirako utziko dute eskola, orain arte ezaguna eta segurua izan duten lekua. Beren bizitzako lehen erabaki garrantzitsua hartu beharko dute: “Zer egin behar dut hemendik aurrera? Zer aukeratuko dut: Batxilergoa, Heziketa Zikloa, lanbide bat, lana…?”. Batzuek erabakita izaten dute nondik nora joan. Beste batzuek ez dute hain erraz aurkitzen egin nahi dutena eta ikasturtean zehar askotan sentitzen dute segurtasunik eza.

16 urtera heldutakoan gainditu beharreko beste langa bat agertzen da. Ez da lehen aldia halako bat gainditu behar dutena, baina oraingoan eurek bakarrik egin behar dutela sentitzen dute. Norbere nortasunari buruzko galderak zorrotzagoak egiten dira: “Nor naiz ni benetan?”, “Gai naiz erabaki hau hartzeko?”. Egia esateko, ikasleak ilusioz beterik egoten dira, mundura zabaltzeko irrikan, euren mundua handiagoa egiteko gogoz. Galderak, gainezka egiten dien interesa… kanporantz ateratzen dira orain, barrurantz egiten zuten indar berarekin. Mundua handiagoa egiten da eta haiek ere handiagoak egiten dira munduan. Etorkizunak erronka, lagun, zailtasun berriak dakartza eta baita poztasun berriak ere.

Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literaturan, joera modernoagoak edo egungoak ezagutzen dituzte: subjektibotasuna, nia, harremanak, gizartea… Hizkuntzan komunikazioaren eta testu-mota ezberdinen ezaugarriak aztertzen dituzte.

Geologia, Geografia eta Historian, inguratzen dituen mundua behatu eta unibertsoaren, lurraren eta gizakiaren bilakaeraren parte sentitzen dira, beren bizi-prozesuen bitartez.

Mundua azaltzen jarraitzeko, Fisikan mugimenduarekin eta grabitatearen zerikusia duten problemen ebazpenean jarduten dute. Kimikan, berriz, kimika inorganikoarekin jarraitzen dute eta teoria atomiko ezberdinak aztertzen dituzte. Matematikan, trigonometria, funtzioak, progresioak, logaritmoak… lantzen dituzte.

Ortuko lanarekin jarraitzeaz gain, ikasleek enpresa bat sortzen dute, produktuak ereintzatik salmentara bitartean kudeatzeko. Zeregin horretan, ikasle bakoitzak ardura bat hartzen du, enpresa horren antolaketa eta kudeaketan.

Musikari dagokionez, ikasturtea kontzertu bat prestatzen ematen dute, bertako komunitateari eskaintzeko.

Ingelesean hizkuntza benetako testuinguruetan ikasteko aukera ematen zaie: pelikulak, dokumentalak… ikusten dituzte, egunkarietako testuak irakurtzen dituzte eta ingelesak munduan zehar dituen aldaerak ezagutzen dituzte. Iritzi-saiakerak egiten eta ikerketa-lan sakonagoak egiten ere hasten dira. 

Autosufizientzia proiektua

2021-2022 ikasturtean proiektu polit baten lehen oinarriak jartzen hasi ginen denon artean, hau da, ikasle, irakasle eta gurasoen artean, eskola organismo biziagoa, ingurunearekin orekatuagoa eta gero eta autosufizienteagoa izan dadin. Lau zutabe izango ditu proiektuak: erlezaintza, baratze ekologikoa, putzua (putzu naturaleko ura) eta hazi-banku bat.

Abentura berri honen ardatza erle erregina edo erlama izatea nahi dugu. Horretarako, gurekin bat egiteko gonbita luzatu diogu, Burgeluko udalak eskuzabaltasunez basoan utzi digun toki ezkutu batean kutxa bat jarriz. Gustura egoteko moduko lekua eskaini nahi izan diogu, bertan etxea egitera eta gurekin batera bizitzera animatu dadin. Ikasle eta irakasleok bere bizimodua deskubritzen ari gara, bai erleak beren joan-etorrietan behatuz, bai gela barruan erlazainen irakaskuntzak jasoz, bai olerkariek eguzkiari loturiko izaki zoragarri hauei egindako kantu eta alabantzak entzunez.

Baliteke denborarekin erreginak bere erlekumeek sortutako argizariaren eta eztiaren zati bat gurekin partekatzea, seguruenez erleak ondo behatzera eta ulertzera heltzen garenean.

Hamargarren mailako ikasleak, urtero bezala, gogotsu ari dira eskolako ortu ekologikoan lanean, bertako produktuak gero irakasle eta gurasoei saltzeko. Prozesuak eskatzen dituen zereginak (marketina, kontabilitatea, salmenta…) egoki banatuta eta antolatuta dituzte, eta horri esker talde eraginkorra izatera heldu dira. Gainera, aurten ikasleen hainbat bizikleta jaso ditugu, Añuako orturako joan-etorriak bizkortzeko. 

Proiektu honen hirugarren ardatza eskolaren erdi-erdian dago kokatuta: ur-putzua da. Urteetan erabili gabe egon den ur naturaleko iturri bat da eta ura ateratzea lortu dugunez, martxan jarriko dugu eskolako eremuak ureztatu eta garbitzeko. Aztertzera eramateko asmoa ere badugu, zenbateko garbia den jakiteko, hau da, inguruko soroetatik ezer txarrik jasotzen ez duela ziurtatzeko. Ona dela ziurtatutakoan, kanalizatzeko modua bilatuko dugu erabili ahal izateko.

Bukatzeko, bertako landareen haziak ezagutu eta zaintzearen garrantzia jorratuko dugu ikasleekin, produktu ekologikoak bildu eta banatzen dituen Urbide enpresaren laguntzaz. Hazi-biltegi txiki bat sortzen hasiko gara, gure ortu ekologikoa gero eta autosufizienteagoa izan dadin.

Ikusi bideoa

Ir arriba